
31 Jan Turismo jasangarriaren alde egiteko bide bakarra, herritarrekaz batera lanean aritzea izango da
Gaurko osoko Bilkurara Sos Gaztelugatxe, Bermeoko herri elkarteak, Gaztelugatxeren masifikazio arazoa eta Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxera iristeko bideen egituraren II. fasearen proiektua ekarri dauz udal eztabaidara.
Hasteko, garrantzitsua da guretzat gaur egungo turismoaren errealitatea ulertaraztea. Euskadiko erakundeek Ekoturismoaren aldeko apustua egiten ari dira azken urteotan. 2019an Euskadi estatu mailako ekoturismo klub-ean sartu da esaterako.
Baina zer esan gura dau ekoturismo kontzeptuak?
Hauxe da ekoturismoaren nazioarteko alkartearen definizioa:
Zonalde naturaletara egiten dan bidaia arduratsua, natura eta inguruko herrien biztanleria errespetatzen dauzena eta interpretazioa eta hezkuntza kontutan izan behar dauzena.
Definizio hau zabala danez, ekoturismoaren printzipio garrantzitsu batzuk erakutsiko doguz:
1 Sortutako inpaktu fisiko, sozial eta psikologikoa ahalik eta gehien gitxitutea.
2 Natura eta kulturarekiko errespetua bermatutea.
3 Herritarrarentzat eta bisitariarentzat esperientzia onak sortutea.
4 Inpaktu gutxiko estruktura egiturak diseinatutea eta sortutea.
Honetaz aparte azken urte honetan, 2019an, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban,
turismo jasangarriaren Europako Gutunean sartzeko aurrerapausuak emoten hasi dira, eta honen barruan Gaztelugatxeko San Juaneko biotopoa egon badago.
Dena ondo badoa, urte honen barruan, 2020an, bai Urdaibaiko eta bai Gaztelugatxeko, hau da Bermeoko lurren zati handi bat, Europako Gutunean sartuko da. Gutun honen helburua Europako eskualde babestuetan, turismo iraunkorra bultzatutea da.
Orain arte, turismoa antolatu, planifikatu eta erregulatzeko ibilbide orri bat egin da eta honetara atxikitzeko, Dafo izeneko metodologia parte-hartzailea erabili da. Honen bidez helburu estrategikoak erabaki dira, eta honeetara helduteko ekintzen plan bat bideratu da.
Zelan aplikatu hau Gaztelugatxeren egoerara?
- Ahalik eta inpaktu sozial, fisiko eta psikologiko txikiena sorteraziz.
-
- Inpaktu gitxiko egiturak eginez
- Herritarrentzako esperientzi onak eginez eta zonaldeko kultura errespetatuz.
Alde batetik, ahalik eta inpaktu sozial, fisiko eta psikologiko txikiena sortzeko Gaztelugatxek daukan bizitarien jasate ahalmena neurtu eta errespetatu behar da. Eta honetarako, bisitak ondo antolatu, adibidez, gunea ez egoteko beteta goizerdirako . Hau Europako Gutunaren hamairugarren puntuarekin bete beharko zan. Honek benetan neurtu beharko dauz lekuak eta auzokideek jasan ahal dabezan bisitari kopurua. Honen bidez bisitariek lekuaz disfrutateaz gain, aldi berean, paisaia naturala eta ekosistemak ez suntsitzea lortuten da.
Holan, natura errespetatzen da herriko jendea eta auzokideak, era berean, errespetatuz. Zergaitik ez da egin hau oraindik Bermeon?
Aipatu dan moduan eragin gitxi sortzen dabezan egiturak sortutea (edo dagozenak erabiltea) da ekoturismoaren printzipioetariko bat. Hau errealitatera aplikatuta, ahalik eta eragin gitxien daukiezan egiturak egitean datza. Eta oraindik hobe, dagozen egiturak erabilten badira. Bizkaiko Foru Aldundiaren Iristeko bideen egituraren II. fasearen proiektua aurrera eramatea beharrezkoa ote da? Hogei aparkaleku bakarrik irabaziko dira, egitura haundia eta dirutza bat gastatuz.
Turismo jasangarriak mugikortasun jasangarria sustatu beharko leuke ere. Hau da, hor dagozen egiturak erabili eta garraio publikoa sustatu. Horretarako Bermeon itsosupeteko aparkalekua egin zan 2019an, Pergolan, geure betiko kolunpioak, jolastokia eta karabana gune kenduz. Zergaitik ez erabili Bermeoko parking hau, Bakiokoa eta Gernikakoa eta honeek Gaztelugatxeko ateak izan daitezan? Horrela ahalik eta inpaktu gutxien sortuz?
Eta zer egin kulturearen alde eta herritarrantzako esperientzia onak sortzeko? Geure Bermeo, baina baita Bakio, Arrieta eta beste herri batzuetako kulturara lotuta da Gaztelugatxeko San Juan.
Gaztelugatxe geure ondare kulturala da, eta zer egingo da hau babestu eta erregulatuteko? Eta barriro ere, Gaztelugatxeko ospakizunean abenduaren 2019.eko 30ean turismo agentzia bategaz gertatutakoa ez errepikatuteko? Bizkaiko eta Euskal Herriko pertsona askorentzat sinesmen mailan, leku berezia da Gaztelugatxe, eta hau zaindu behar dogu.
Azkenez esan behar da, Bermeoko politikariok Bermeoko herritar guztien beharrak eta nahiak defendatuteko erresponsabilitatea daukagula. Eta herrian sentsibilitate desberdineko personak dagoz, bai turismotik bizi diranak eta bizi ez diranak, eta gainera, turismoa hain ontzat hartuten ez dabenak ere.
Nik uste dot alderdikeriak alde batera itxita, Bermeoko Udalaren eta Diputazinoaren helburua geu guztion ongi-izatea lortutea izan behar dala. Eta beti ere epe luzeko ikuspegi argi bategaz.
Zelako turismo mota gura dogu eta zelan kudeatuko dogu Gaztelugatxeko San Juan herritarrontzat?
Maite Alonso