
24 Sep GUZAN PLATAFORMA POLITIKOAK UKO EGITEN DIO EAJ-K INPOSATZEN DUEN MODUAN BERMEOKO UR-BALIABIDEAK BILBAO-BIZKAIA PARTZUERGOARI TRANSFERITZEARI
2021eko irailaren 24ean egin den Osoko Bilkuran Guzaneko zinegotziek ezezko botoa eman dute. Bermeok bere ura kudeatzeko eskumena galtzearen aurka agertzeaz gain, azpimarratu dute EAJ-k ez
duela denborarik galdu abuztuan Busturialdeko Ur Partzuergoaren egitura desegiten, eta, horrela, duen gehiengoarekin, Busturialdeko herriak Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergora integratzera bultzatu ditu.
Hemendik aurrera, Bermeoko Udalaren kontuen kontuhartzailearen txostenean ageri den legez, Bilboko Udala izango da Bermeoko eta Busturialdeko uraren kontrola izango duena, hiriak duen biztanleriagatik bera baita Bizkai osotik partzuergo honetan boto-ordezkari gehien dituena.
Bizitza eta hau bizitzeko modu ekologista eta iraunkor bat Guzan herri plataforma bermeotarraren ardura nabarmenetakoak dira. Izatez, politika egiteko haien ardatzetako bat. “ Bermeoko Udalaren eta herritarren arteko egungo komunikazioa gezurra besterik ez da. Heldu da momentua izen eta abizenekin jakinarazteko EAJ-ko zein politikarik gordetzen dio informazioa herritarrei eta hartzen dituen ura eta saneamendu-sarearen kudeaketa bezain gauza hain garrantzitsuari buruzko erabaki estrategikoak “ kontatu digu Xabi Ortuzar Guzaneko zinegotzi bozeramaileak.
Guzan 2021ean Bermeo Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergora integratzearen aurka dago hurrengo hiru arrazoiengatik.
1/ Udaleko eskumen bat, hau da, norbere lurraldeko ura kudeatzeko ahalmena kentzen duelako, nahiz eta Europako Batzordetik zein Espainiako gobernutik (Uraren lege berri bat egiten ari dira) premiatzen ari diren Udalek beren inguruko ura erabil dezaten, eta ekidin ditzaten hodien ibilbide luzeak, azpiegitura konplexu eta garestiak behar baituzte.
2/ Udalez gaindiko entitate publiko bat izanagatik, honen forma juridikoak eta estatutuek ahalbidetuta, Partzuergoak Udalen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru publikoa erabil dezakeelako eta Busturialdeko herrietako zinegotzien kontrol politikoa saihestu, besteak beste, Acciona ingeniaritza eta azpiegituren enpresari milioi askoko kontratuak emateko.
3/ Ezinegona sortzen duelako, inork ez baitaki bermeotar zergadun bakoitzak zenbat ordaindu beharko dituen saneamendu-sare eta ur-hornidura tasak. 2022an hauek gehienez %5eko igoera izango dutela ziurtatuta dago. Alabaina, 2023tik aurrera ez dago argi zer beste zerga sortu beharko diren defizit hidrikorik ez egotea bermatuko duten obra handiak finantziatzeko 2022-2029 tartean. Haien txosten propioan dakarrenez, Urdaibaiko erreserban klima aldaketak izango duen eraginak defizit hidrikoa %4 igotzea ekarriko du. Ez da kasualitatea aipatutako txostenak etxebizitza berrien beharrizana ekarriko duen pertsonen eta aktibitate ekonomiko hipotetiko bat aurreikustea. Begi bistakoa da ur-baliabideen bermerik barik, ezinezkoa dela jende gehiago bizi dadin eraikitzea. Orduan, galdera da, azken hogei urtetatik hona, Busturialde/Urdaibaiko erreserbak biztanleria eta aktibitate ekonomikoa galtzen baldin badu, zergatik dago hainbeste interes iritzi publikoa modu honetan aldatzeko, eta ur-azpiegituren beharrizan premiazko bat sortzeko? Ez da izango zergadun guztion diruarekin obrak egiteko irrika dagoela, gure eskualdea turismoaren negoziorako harrapakin berri bihurtu delako, eta udan ura bermatuta egon behar delako?